XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

3.4. Bertso-eskolak direla eta, betidaniko eztabaida puri-purian jarri zen: bertsolaria, zer, jaio egiten da ala egin?.

Senaren eta eskolaren, berezkoaren eta ikasiaren dialektika: joera bakoitza muturreraino eraman, eta irteera gabeko kale batean sartzen gara horrela.

Gaurko bertsolariak zer jarrera du problema zahar eta eztabaida berri honen aurrean?.

Bertsolaritza ere ikasi egin daitekeela uste du multzo handi batek, multzorik handienak hain zuzen (% 47,8).

Baina orpoz orpo jarraitzen zaio beste pentsaera (% 45): bertsolaritza berezkoa dela eta ez dela ikasten, azpimarratzen dute hauek.

Bai, hala da.

Baina gehienak saiatzen dira eritzia osatzen, bertsolari-sena berezkoa izan arren, badagoela laguntzerik, alegia.

Bi jarrera hauek desberdin kokatzen dira geografikoki.

Araban, Bizkaian eta Iparraldean ikaste-prozesuaren alderago daude gehienak.

Deba arroan eta Urola / Kostaldean erdibana datoz eritziak Baina Nafarroan eta Goierri / Tolosalde / Donostialdean berezkotasuna azpimarratzen da gehiena.

Adinez, urtealdi guztietan ikastearen aldekoak gehiago dira, 50 urtetara iritsi arte.

Hortik gorakoek sena pribilegiatzen dute.

Bertsolari eskolatuen eta besteen artean ere ebaketa bera da: eskolatuek ikastearen abantailak azpimarratzen dituzte, eta jatorrizko dohainak, besteek.

Zein da printzipiozko jarrera edo hobeki, joera horien aplikazioa bertso-eskolen fenomenoari buruz?.

Badirudi, bertso-eskolari buruz ere, bitan banatuak egon beharko luketela eritziek: alde, ikastea defendatzen dutenak; eta aurka edo hotzago, sena azpimarratzen dutenak.

Baina ez.

Bertso-eskolaren onarpenean bat datoz denak.

Eritziak bitaratzen hasten dira eskola horri ematen zaizkion helburuetan.

Bertso-eskolen sortze-arrazoietan, arrazoi soziolinguistikoak eta kulturalak datoz; hala nola, ingurugiro naturala galtzea, euskara indartzea, etab.

Baina azken batean, arrazoi nagusia botu gehien biltzen duena, behintzat bertsolari berriak sortzea da.

Hau da, bertsolarigoaren birprodukzioa.

Aitortu behar da, halere, euskara indartzeko bide bezala kontsideratzeak ere ia indar berdina duela.